viernes, 21 de marzo de 2014

GAZTELANIA vs GAZTELERA

GAZTELANIA vs GAZTELERA

Ezaguna da euskarak -era amaiera baliatu ohi duela hizkuntzak izendatzeko hainbat kasutan: euskera, erdera, italiera, errusiera... Bat dator, gainera, "era" ('modua') substantiboarekin.

Horren imitazioz, sarritan, hizkuntza guztiei aplikatu diogu amaiera hori: gazteleraingelerafrantseseralatinera... Baina ez dira erabiltzeko egokiak. Forma oker horietako batzuk, gainera, irakaskuntza sistemaren bitartez hedatu izan ziren eta oso arruntak dira, tamalez.

Hona hemen, forma egokiak erabili nahi baldin badituzu, aintzat hartzeko oinarrizko erreferentziak:

ingelera (txarto) > ingelesa (ondo)
alemanera edo alemaniera (txarto)  > alemana (ondo)
frantsesera (txarto) > frantsesa (ondo)
latinera (txarto) > latina (ondo)
gaztelera (txarto) > gaztelania (ondo)

Azken kasu honetan ("gaztelera") ez dago guztiz txarto nolabaiteko tradizioa duelako eta oso hedaturik dagoelako erabileran. Hala ere, hizkuntza-araua den Hiztegi Batuan "gaztelera" ordez "gaztelania" erabiltzea aholkatzen da.

martes, 11 de marzo de 2014

ETXEA vs BASERRIA

ETXEA vs BASERRIA 

Oraingo honetan, XV. mendearen amaieratik XIX. mende erdialdera arte eraikitako nekazari edota abeltzainen etxe tradizionalei buruz mintzatuko gara. Eta aurreratu behar dugu, gaurko hizkuntza arauei begira, "etxe" zein "baserri" zuzenak direla eraikin horiek izendatzeko.

Hala ere, bada aipatu beharreko ezberdintasun nabaria: "baserria" ez dela inoiz 'eraikinaetxea', izan.

Etxe tradizional horiek izendatzeko "baserri" hitza erabiltzea oso modernoa da gure artean eta, beste batzuetan bezala, Euskal Herriaren erdialdetik iritsi zaigu moda hori, han "baserri" hitzaren jatorrizko esanahia lehenagotik nahasi zelako. Ez, ordea, mendebaldean, gu bizi garen tokian.

"Baserri" hitzaz izendatu izan da eta izendatzen da "kalea" edo hiriaren kontrakoa dena. Gaztelaniaz 'zona rural, campiña, aldea' edo frantsesez'campagne' izendatzen duguna, hain zuzen ere. Esate baterako, Bizkaiko Uribe Kostako herrietan oso ohikoa da, oraindik ere, "baserri" ('mendialdea') eta "mariñerri" ('itsasaldea') bereizketa egitea.

Horrela soilik uler daiteke nola agertuko zaigun, gure hizkuntzaren lekuko den toponimian, "baserri" hitza 'mendialdea' esanahiarekin, baina sekula ere ez 'etxea' adierazteko. Behin ere ez dugu horrelakorik aurkituko. Etxea izendatzeko "etxea" bera erabili izan da (Beaskoetxea, Etxabarri, Goikoetxe...) edota "baserri-etxea" herriguneetako etxeetatik bereziki behar izan direnean.

Baina azaroa larriagoa da oraindik. Etxeari, okerki, "baserri" izendapena ematean eta soil-soilik esanahi horrekin identifikatzean, gabezia handia eragin genion euskarari: geroztik, ez dakigu zerekin bete "baserri" hitza erauztean utzitako zuloa. Horregatik, "rural" edo antzekoa esateko, "landa-garapena", "landa-turismoa", "landa-eremua"... bezalako izendapen artifizioso eta artifizialak (nahiz eta hizkuntza arauen aldetik zuzen-zuzenak diren) erabiltzera behartuta gaude egunero. Horien ordez, egokiagoak eta, zalantza barik, argigarriagoak, "baserri-garapena", "baserri-turismoa", "baserri-eremua"... bezalakoak ditugu.

LABURBILDUZ: "baserria" hitza Euskal Herriko eraikin tradizionalak izendatzeko erabiltzea zuzena da. Hala ere, modernoa da eta ez du batere tradiziorik izan gure artean. Horretarako "etxe" eta, herrigune edo "kaleko" etxeetatik bereizi behar izan denean, "baserri-etxe" erabili izan da. "Baserri" hitzaren jatorrizko esanahia, oraindik bizirik dagoena, "zona rural, campiña, aldea" da. Erdal "rural" hitza euskaraz eman behar dugunean, jatorragoa, zuzenagoa eta tradizionalagoa da "baserri" hitza erabiltzea, nahiz eta onartu behar den azken hamarkadetan "landa" hitzaren erabilera nagusitu dela eta azken hau ere ez dagoela gaizki hizkuntza-arauen aldetik.